XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zenbait gai ez baitira politikoen esku uztekoak, bereziki jatorriz herri baten ondare naturalak direnean.

Euskal Herriko Autonomia Estatutoa 1979ko abenduan onartu zen, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia osatzen duten herrialdeetarako, gaztelera eta euskara, bi hizkuntzak ofizialki jarriz. Eta Legebiltzarrak onartu zuen azaroaren 24ko 10/1982 Legea, euskararen erabileraren arauen oinarrizkoa dena.

Aldiz, Nafarroak ez zuen hartu bide bera. Han egin denari bidegabekeria deritzot, herrialdeak zatitu ziren hizkuntzen arabera, kasta desberdinekoak balira bezala apartheid lotsagarrien erara jokatuz: a) euskalduna, b) elebiduna, d) gazteleraduna.

Kontuan eduki gabe, adibidez, herri euskaldunetan badirela euskararik ez dakitenak eta, industrializatzearen eraginez, baita ere Tafallan zein Tudelan euskaldunak. Hala denean, gizon bakoitzak zuzenean, berarekin edonora daraman foru pertsonala da, herkidego edo komunitate baten barnean ezinezkoa giza eskubideak hautsi gabe.

Espainiako Konstituzioaren Titulo preliminar delakoaren 1, 2 eta 3. artikuluen aurrean ez da zuzena herkidego edo komunitate baten barnean. Bestalde, ONUren ageri hark dioena ongi uler eta zuzenbidez joka badezakegu inongo politikoek ez lukete horrelakorik egin behar. Euskaltzaindiak arrazoiz salatu zuen giza-eskubideen kontra doan nafar politikoen jokaera hori (ikus Euskera, XL, 1995, 555-562).

Hiritarrei bakebideak eskaini behar dizkiete politikoek, eta ez elkarren arteko iskanbilarik sortu. Nafarroako historia zerbait ezagutzea aski da jakiteko Lingua Navarrorum bertako hizkuntza jatorra zela, euskara eta ez erromantzea.